Eraldaketa digitala esku-hartze sozialaren orainaren eta etorkizunaren parte ere bada. Horregatik, AVIFESen Gizarte Teknologoaren figura hedatzeko antolaketa-azelerazioko prozesuan parte hartu dugu. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak sustatu du ekimena, Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzaren bidez, eta APTESen eta Home Care Lab Grupo SSIren laguntzarekin garatu da.
Proposamen honen bidez, Euskadiko gizarte ekintzaren eremuko entitateok gelditu ahal izan gara, barrura begiratu eta hausnartu ahal izan dugu nola aro digitala eraldatzen ari den, bai pertsonei laguntzeko modua, bai taldeen barne antolaketa. AVIFESen kasuan, prozesua bi lan saiotan egin da, bakoitza lau ordukoa, APTESek dinamizatuta. Parte hartzeko espazioak izan dira, non begiradak partekatu ditugun, beharrak identifikatu ditugun eta gure misioarekin bat datozen soluzio digital erabilgarriak, irisgarriak eta lerrokatuak txertatzen aurrera egiteko aukerak aztertu ditugun.
Saioetan, Hirugarren Sektore Sozialaren aro digitaleko Eraldaketarako Esparruan lan egin da, teknologoaren figura profesionalari lotutako funtzioekin. Figura horren helburua gizarte erakundeetan tresna digitalen erabilera erraztea da, betiere pertsonen zerbitzura eta esku-hartze hurbilago, eraginkorrago eta berritzaileago baten zerbitzura.
Ekimen honetan parte hartzeak aukera ematen digu berrikuntza sozialean eta etengabeko hobekuntzan aurrera egiten jarraitzeko, eta teknologia aliatu gisa txertatzeko, laguntzen kalitatea indartzeko eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta haien familien beharrei hobeto erantzuteko. Izan ere, digitalizazioa, pertsonen zerbitzura jartzen denean, zaintzeko, laguntzeko eta eraldatzeko tresna ere izan daiteke.

