Sare sozialak gazte gehienen egunerokotasunaren parte dira. Horien bidez komunikatzen dira, esperientziak partekatzen dituzte, interesak aurkitzen dituzte eta ingurunearekin erlazionatzen dira. Ondo erabilita, tresna positiboa izan daitezke, lotura, sormena eta pertenentzia-sentimendua bultzatzen dituena.
Baina errealitate horri zentzu kritikoz begiratzea ere garrantzitsua da.
Sareak etengabe erabiltzeak konparazio ez oso errealistak sor ditzake, beti eskuragarri egoteko presioa edo bizitza perfektua erakutsi behar izatearen sentsazioa. Eskakizun horrek, askotan ikusezina denak, autoestimuari eragin diezaioke, antsietatea areagotu dezake edo funtsezko alderdiak alde batera utz ditzake, hala nola atsedena, aisia, jarduera fisikoa edo aurrez aurreko harremanak.
Zenbait azterlanen arabera, nerabeek egunean hainbat ordu eman ditzakete sare sozialetara konektatuta, eta erabilera hori egunean hiru ordutik gorakoa denean, ondoez emozionala izateko arrisku handiagoarekin lotzen da, hala nola estresarekin, lo egiteko zailtasunekin edo antsietate-sentimenduekin. Horrek ez du esan nahi sareak berez negatiboak direnik, baizik eta nola, zenbat eta zertarako erabiltzen ditugun.
Modu osasungarrian erabiltzen ikastea
Debekatzea baino gehiago, erronka erabilera kontzientean laguntzea eta heztea da:
- Konektatuta igarotzen dugun denboraz jabetzea.
- Gogoratu sareetan ikusten dugunak ez duela beti errealitate osoa islatzen, zati bat baizik.
- Pantailarik gabeko uneak zaintzea, bereziki lo egin aurretik.
- Aurrez aurreko harremanei eta ongizatea sortzen duten jarduerei lehentasuna ematea.
- Gure erabilera gelditu eta berrikusi, ondoeza sortzen digula sumatzen badugu.
- Mundu digitalari buruz argi eta garbi hitz egitea familian, eskolan eta komunitatean.
Gazteei eta familiei laguntzeko baliabideak
Prozesu hori laguntzeko, AVIFESek Livin Salud Mental sortu du, gazteei, familiei eta profesionalei zuzendutako dibulgazio-gune bat, non ongizate emozionala zaintzeko informazioa, orientazioa eta tresna praktikoak eskaintzen diren. Plataforma honetan hainbat gai jorratzen dira, hala nola sare sozialen erabilera arduratsua, kudeaketa emozionala edo ondoez psikologikoaren prebentzioa, gazteen errealitatera egokitutako hizkera hurbilarekin.
AVIFESetik gogorarazi nahi dugu osasun mentala zaintzeak ingurune digitalarekin modu osasungarrian erlazionatzen ikastea ere badakarrela. Online bizitzaren eta offline bizitzaren arteko oreka aurkitzea funtsezkoa da autoestimua, ongizatea eta harreman osasuntsuak eraikitzeko.
Konektatuta egotea ondo dagoelako… beti ere geure buruarekin eta gertu ditugunekin konektatzea ahazten ez badugu.

