Noticias-Portada

Avifesek 2020an zehar egin du ikerketa hori, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailaren lankidetzari esker, eta publikoki aurkeztu da 2021eko apirilaren 16an Webinar batean, Estatu osoko 250 pertsonaren aurrean, nazioartean ere oihartzuna izan duena (Portugal, Mexiko eta Argentina).

Aurkezpena Itziar Ceballos Avifeseko gerenteak egin zuen, eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte politiketako sailburuorde Lide Amilibiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Sustatzeko zuzendari nagusi Asier Alustizaren babesa izan genuen.

Azterlan honen abiapuntua 2008an eremu horretan bertan egindako ikerketa da, eta horren bidez, gaixotasun mentala duten pertsonen egungo etxebizitza-baldintzak, haien beharrak, lehentasunak eta etorkizuneko itxaropenak dimentsionatu eta ezagutu nahi izan ditugu, premia-profilak eta arreta-ibilbide egokiak identifikatuz, jarduteko eta hobetzeko proposamenak egin ahal izateko.

Lehenik eta behin, azterlanaren lagineko adierazgarritasuna aipatu behar da, gaixotasun mentala duten 429 pertsonak, 112 senidek, gizarte- eta osasun-arloko adituek eta gaixotasun mentala duten pertsonei laguntzeko erakundeek parte hartu baitute.

Azterlanetik ateratako datu, ondorio eta proposamen batzuk aipatuko ditugu:

  • Azpimarratu behar da ikerketan parte hartzen duten pertsonen % 65ek beren etxean bizi ahal izatea dela etorkizunerako itxaropena, eta % 15ek familia-etxean bizi nahi dutela, eta % 3k soilik adierazten dutela egoitza batean bizi nahi dutela, eta % 8k egoera berean dauden beste pertsona batzuekin laguntza duen etxebizitza batean. Datu horiek erakusten dute joera aldatu egin dela pertsonek eta haien familiek beren bizitzan nahi duten horretan, eta bizi-proiektu horiek lortzeko, eguneroko bizitzako hainbat alderditan eta etxean lagundu behar zaie. Hori adierazten dute familiek, profesionalek eta gaixotasun mentala duten pertsonek.
  • Prestakuntza- eta lan-aukerarik ez izatea, baliabide ekonomiko gutxi izatea, modu independentean bizitzeko beren gaitasunetan konfiantzarik eta autokonfiantzarik ez izatea, eta etxean bertan laguntza espezializaturik ez izatea oztopo dira, komunitatean bizi nahi duten pertsonek non, nola eta norekin bizi nahi duten argi eta garbi erantzun ahal izateko.
  • Azterlanean parte hartu duten pertsona guztien artean adostasuna dago egoitza-plazen eta etxebizitza lagunduen defizitari dagokionez; beraz, lehentasuna da bi dispositiboetako plaza-kopurua handitzea, bai eta atsedenerako baliabideak eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako aldi baterako egonaldiak izatea ere, orain arte ez baitira garatu.
  • Emaitzak kontuan hartuta, badirudi apustu argia eta irmoa egin behar dela, bai administrazio publikoen aldetik bai erakundeen aldetik, bizimodu independentea babesteko ereduaren alde, eta pertsona bakoitzarekin etxebizitza-proiektu indibidualak diseinatzearen alde, plangintza egokia egin ahal izateko.
  • Ezin dugu ahaztu pertsona horiek oztopo ugari dituztela bizimodu independentea izateko edo bizikidetza-ereduan autonomia handiagoko ibilbideak izateko (segurtasunik eza, sintomatologia, baliabide ekonomikorik eza…), baina egoera batzuetan, profil bakoitzari egokitutako laguntza espezializatuekin, ibilbide hori egin dezakete.