Irailaren 10ean Suizidioa Prebenitzeko Munduko Eguna ospatzen da, suizidioa prebenitu daitekeela eta horri buruz modu arduratsuan hitz egiteak bizitzak salba ditzakeela gogoratzeko funtsezko data.
AVIFESek prebentzioa zailtzen duten oztopo nagusietako batean jarri nahi du arreta: desinformazioan. Suizidioaren inguruko mitoak eta uste faltsuak haustea funtsezkoa da alerta-seinaleak detektatzeko eta laguntza garaiz eskaintzeko.
Estigmaren pisua
Estigmaren, tabuen eta gizartean irauten duten mitoen ondorioz, pertsona askok ez dute laguntzarik bilatzen, edo beren ingurukoek ez dakite nola eskaini.
“Suizidioaz hitz egiteak hori eragiten du” bezalako ideia okerrak faltsuak izateaz gain, elkarrizketa zailtzen dute, errua sortzen dute eta sufritzen dutenak are gehiago isolatzen dituzte.
Horregatik, AVIFESen egunero lan egiten dugu osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei egiazko informazioa eta benetako laguntza emateko. Gure prebentzio-lanaren zati bat baliabide erabilgarriak eta eskuragarriak herritarren eskura jartzea da.
Kontuan izan behar ditugun alerta-seinaleak
- Bat-bateko aldaketak gogo-aldartean.
- Hil nahi izateko asmoa zuzenean edo zeharka hitzez adieraztea.
- Gizarte-isolamendua eta ohiko jardueretan interesa galtzea.
- Ixteko edo agurtzeko jokabideak (testamentua egitea, objektu baliotsuak oparitzea, hurbileko pertsonei agur esatea…).
Suizidioari buruzko mitoak eta errealitateak
1.MITOA: “Esaten duenak ez du egiten. Atentzioa eman nahi du, besterik ez “.
ERREALITATEA: Gezurra. Berbalizazio oro serio hartu behar da. Gurutze Gorriaren arabera, beren buruaz beste egiten duten 10 pertsonatik 9k aldez aurretik adierazi dituzte beren asmoak.
2.MITOA: “Suizidioaz hitz egiteak norbaitek aurrera eramatea eragin dezake”.
ERREALITATEA: Gezurra. Suizidioaz modu irekian eta arduratsuan hitz egiteak lasaitasun handia ekar diezaioke sufritzen ari denari.
3. MITOA: “Osasun mentaleko arazo larriak dituzten pertsonek bakarrik egiten dute beren buruaz beste”.
ERREALITATEA: Ez dago beti aurretiko diagnostikorik. Galerak, arazo ekonomikoak edo jazarpena bezalako egoerek hain sufrimendu handia eragin dezakete, pertsonak bere buruaz beste egitea jo dezan sufritzeari uzteko modu bakartzat, patologia mentalik gabe.
Prebentzioa zeregin partekatua da
AVIFESen uste dugu suizidioa prebenitzea erantzukizun kolektiboa dela. Senideek, lagunek, lankideek eta osasun-arloko profesionalek funtsezko zeregina izan dezakete laguntza-sare seguruak eta konfiantzazkoak eraikitzeko.
Epaitu gabe entzutea, enpatia erakustea eta konfiantzazko ingurune bat sortzea funtsezko urratsak dira arriskuan dagoen pertsona lagunduta senti dadin eta bere sentimenduak adieraz ditzan.
Laguntza-baliabideak
- Bizkaiko Itxaropenaren Telefonoa: 944 10 09 44
- Osasun Ministerioaren 024 lerroa (arreta jokabide suizidari, eskuragarri 24/7).
- AVIFES: informa zaitez gure programa eta laguntza zerbitzuei buruz 944 45 62 56 telefonoan.







