Ohiko Galderak

Edozein pertsonak izan dezake gaixotasun mental bat?

Bai. Badakigu gaixotasun mentalaren jatorrian joera genetikoa dagoela, baina badaude gaixotasun hori agerraraztea eragiten duten beste zenbait faktore ere. Faktore horiek zerikusia dute bizi-estiloarekin, arrisku-jarrerekin eta bizitzako gertakariekin, baina baita horiek guztiek pertsona bakoitzari eragiten dieten moduarekin ere.

 

Sendatzen al da gaixotasun mentala?

Gaixotasun kroniko bat da; ondorioz, hura duten pertsonek tratamendu bat jarraitu beharko dute egonkor mantentzeko eta gaixoberritzea ekiditeko. Egun dauden tratamenduekin eta gaixo dagoenari behar dituen laguntzak emanda, modu independentean bizi daiteke eta bere helburu pertsonalak erdietsi ditzake, eta, horrekin batera, bizi-kalitate on bat ere izan dezake.

 

Zein dira bere murrizketak?

Nahasmendu mental larria pairatzen duten pertsonek sintomatologia positiboa (delirioak, haluzinazioak, etab.) zein sintomatologia negatiboa (apatia, bakartzea, estres-egoeren aurrean tolerantzia gutxi…) izaten dute. Pertsona guztiek ez dituzte izaten sintoma berak, ezta intentsitate berarekin ere. Badago joera orokor bat uste duena fisiko aldetik zein adimen aldetik “ezgai” direla eguneroko bizitzako jarduera asko egiteko; alabaina, laguntza egokiekin (baliabideak, zerbitzuak, programak, medikazioa, terapia, etab.) bizitza normalizatu bat gauzatzeko gai dira.

 

Zein da gaixotan mentalaren eboluzioa?

Kasu bakoitzaren araberakoa da. Tratamendua eta argibide terapeutikoak jarraitzea ezinbesteko baldintza dira eboluzio on bat ziurtatzeko, baina ez dira nahikoa, gaixoari bizitzea egokituko zaizkion bizi-gertaerek eta izango dituen laguntzek ere euren eragina baitute. Jakin badakigu badaudela zenbait baldintza pronostikoa hobetzen dutenak, baina, aldi berean, subjektiboak diren aldagaiak ere badaude, pronostiko horretan eragiten dutenak, eta kontrolaezinak direnak.

 

Bizi al daitezke bakarrik?

Gaixotasun mentala duen pertsona bat bakarrik bizi daiteke, baldin eta haren egoera pertsonalari erantzuten dioten laguntzak badauzka. Hainbat errealitate daude: bakarrik bizi diren pertsonak, laguntza profesionalarekin etxebizitza partekatzen duten pertsonak, etab. Norbanako bakoitzak aintzat izan behar du, batetik, zein den bere egoera eta, bestetik, zein laguntza dituen.

 

Egin al dezakete lan? Zein lan-mota egin dezakete?

Lan egitea aukera ona da, pertsona askok bertan motibazio garrantzitsua aurkitzen baitu. Haien gaitasunetara eta/edo prestakuntzara egokitzen den edozein lan egin dezakete, baldin eta lan horrek estres edo presio handiegirik eragiten ez badu.

 

Garrantzitsua al da gaixotasun mentala duen pertsonak lan egitea?

Zalantzarik gabe, lan-munduan txertatzea kolektibo horrek duen konpondu gabeko auzia da. Lan bat lortzea bezain garrantzitsua da gaixotasuna agertu aurretik dagoeneko bazuten lana mantentzea. Ezinbestekoa da, betiere pertsona lan egiteko prest badago, horren aldeko apustua egitea, eta pertsona bakoitzaren egoerara hoberen egokitzen diren lanpostuak bilatzea.

 

Gerta al daiteke gaixotasun mentala duen pertsonak diagnostiko bat baino gehiago izatea?

Bai. Pertsona batek gaixotasun mental bat baino gehiagoren seinaleak ager ditzake.

 

Gerta al daiteke pertsona bati diagnostikoa aldatzea?

Bai, pertsona batek diagnostikoetan hainbat aldaketa izan ditzake bizitzan zehar.
Zaila izaten da gaixotasun mentala diagnostikatu eta hari izena jarri ahal izatea, zeren:

  • Norbanakoak sailkapenerako irizpideak bete behar ditu.
  • Irizpide horiek aldi batez mantendu behar dira.
  • Gaixotasun baten sintomek beste batzuen sintomak ezkuta ditzakete.
  • Badira bizitzako une batzuk zeinetan sintomatologia nagusia aldatu egiten den, eta horrek diagnostikoa moldatzea ekar dezake.

Horregatik guztiagatik, zaila izaten da diagnostiko bereizlea egin ahal izatea, norbanakoaren bizitzan bakarra izango dena.

 

Zein adinetan ager daiteke gaixotasun mental bat?

Edozein adinetan. Sarritan nerabezaroan agertzen dira edota heldutasuneko hasierako urteetan, baina norbanakoak edozein adinetan gara dezake gaixotasun mental bat.

 

Gaixotasun mentala duen pertsonak adimen-koziente baxuagoa al dauka?

Ez, gaixotasun mentalek ez dute zerikusirik adimenaren ahalmenarekin.

Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar tu experiencia en esta web! Así podremos mejorar nuestros servicios y mostrarte publicidad relacionada con tus preferencias mediante el análisis de tus hábitos de navegación. Si sigues navegando por esta web, consientes y aceptas estas cookies en tu ordenador, móvil o tablet. política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies