Noticias-Portada

Hitz egiten ez bada, ez da entzuten eta ez da ikusten. Hitz egin dezagun depresioaz. Horixe izan zen AVIFESek depresioari buruz 2022ko martxoaren 1ean, asteartean, Deustuko Unibertsitateko Auditorioan goizeko 9:30etatik arratsaldeko 14:00etara bitartean antolatu zuen jardunaldia, Janssenen babesari eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzari esker.

Datuak oso argiak dira: 3 milioi pertsonak dute depresioa Espainian, eta hori da, hain zuzen ere, desgaitasunaren kausa nagusia, eta OMEk osasun-arazo nagusitzat jotzen du. Eta Bizkaiak ere datu horiek berak ditu. Horregatik, uste dugu garrantzitsua dela hori ikusaraztea, depresioak osasun mentaleko arazo bat izaten jarraitzen duelako, batzuetan gutxietsia, eta ezinbestekoa delako gizarteak gaixotasun horren datuak eta gaixotasun hori pairatzen duten pertsonen errealitatea ezagutzea.

Hainbat arlotako profesionalei zuzendutako jardunaldi teknikoa izan da, eta, besteak beste, 230 profesional baino gehiagok parte hartu dute: osasun-arlokoak, gizarte-zerbitzuetakoak, hezkuntza-mundukoak, enpresakoak edo kirolekoak.

Depresioari buruzko ikuspegi sakona eman duten hainbat profesionalek parte hartu dute jardunaldietan.

Inaugurazio-mahaian izan dira Asier Alustiza, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusia, eta José Antonio De la Rica, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendaria.

Jardunaldia «Hitz egin dezagun Depresioaz: POLARIS proiektua» izeneko aurkezpenarekin hasi da. Itziar Ceballos AVIFESeko gerenteak egin du aurkezpena, eta hainbat eragilerekin elkarlanean gidatzen dugun ekimen honen berri eman die bertaratutakoei, depresio-arazo honi aurre egiten laguntzeko asmoz. Arazo hori denoi dagokigu, eta badakigu, jakin, arazo hori agerian utzi behar dela gizartean, oraindik ere ez baitakigu nola prebenitu, antzeman eta arazo horri nola heldu.

Jardunaldiarekin jarraitzeko, Arabako Osasun Mentaleko Sareko psikiatra den Pedro Sánchezek hitz egin du. Depresioari buruz orain arte egin diren aurrerapenak partekatu ditu, baina, batez ere, pertsona guztiei eragin diezaiekeen gogo-aldartearen nahasmendu hori sendatzeko oraindik asko dagoela egiteko azaldu du; izan ere, nahasmendu horrek eragina izan baitezake  pertsona ororengan, adina, sexua edo gizarte-maila edozein izanda ere.

Ondorik, «Depresioaren aurreko aniztasuna. Arriskurik handieneko populazioak» izeneko gaia jorratu dugu genero-ikuspegian aditua den Margarita Saénz Gurutzetako Ospitaleko psikiatrarekin; Graciela Rodríguez, AVIFESeko gazte espazioaren eta arreta psikologikoaren arduradunarekin eta SSI taldeko Clara Isabel Gonzálezekin. Ana López Trenco ASAPMEko (Aragoiko Osasun Mentalaren Aldeko Elkartea) zuzendari kudeatzaileak moderatu du mahaia.

Atsedenaldi labur baten ondoren, depresioaren alderdi unibertsala azpimarratu dugu. Esperientzien trukaketa honek izenburu hau du: “Hemen ere depresioa dago. Esparru soziosanitariotik haratago”. Ondoko hauek izan dira gai hau jorratu dutenak: Javier Soriano, hezkuntzan eta kirolean aditua den psikologoa; Maribel Rodríguez, «FEAFES empleo» delakoaren arduraduna; eta Inés Zubeldia, Deustuko Unibertsitateko ikasleentzako arreta psikologikoaren arduraduna.

Jardunaldia ixteko, aurre egin behar zaion binomio bati buruz hitz egin dugu: suizidioaz eta depresioaz. Lehenik eta behin, Ana González-Pintok hartu du hitza, Arabako Unibertsitate Ospitaleko psikiatriako buruak eta Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espainiako Fundazioko presidenteak. Ondoren, elkarrizketa bat egin da Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikaria den Marian Velascorekin, Diario de Navarra-ko auzitegi eta gertakarien kazetari Gabriel Gonzálezekin eta “Hablemos del suicidio” izeneko liburuaren egilearekin, eta Ana González-Pintorekin berarekin.

Depresio arloan aurrera eginez

AVIFESen bultzagile gara nazioko elkarte-mailan, depresioaren arloan. Nahasmendu hori ikuspegi psikosozialetik aztertu dugu, eta ez soilik osasun-ikuspegitik. Argi genuen depresioan espezializatu behar genuela, beste leku batzuetan erantzunik aurkitzen ez zutelako gure atea jotzen zuten pertsona horiei guztiei laguntze aldera.

Xede hori erdiesteko bide horretan beste urrats bat emanez, 2021ean ‘Depresio arloan aurrera eginez’ Polaris Eskola jarri genuen abian. Osasun mentaleko elkarte-mugimenduko profesionalei zuzendutako eskola bat da, eta 2. edizioa amaitu ondoren, 12 autonomia-erkidego desberdinetako 48 elkartetako 140 profesional trebatu ditu.